EUS|ESP

Araudia

Txartelen salmenta autobusean
Txartelen salmenta autobusean

Onartzen da tiketaren zenbatekoa eskudiruz edo BARIK txartel bakarra erabiliz ordaintzea. Ez da onartzen tiketak zordunketa txartelez edo kreditu txartelez ordaintzea.

Tiketa eskudiruz ordaindu nahi izanez gero, gai honi buruz indarrean dagoen araudiari jarraituz, gehienez ere 10 €-ko billetea erabiliz egingo du ordainketa erabiltzaileak. Segurtasun arrazoiak direla eta, ez dira onartuko zenbateko handiagoko billeteak.

Zerbitzuaren funtzionamendua arintze aldera, mesedez, tiketak ordaintzeko, zenbateko zehatza eman, edo bestela, zatikizko moneta. Hutsegiterik egon ez dadin, mesedez, entregatzeko unean bertan, egiaztatu tiketa eta kanbioak ondo eman zaizkizula.

Tiketa ibilbide amaierara arte gorde behar da derrigorrez, eta erakutsi egin behar da Barakaldo Bus UTEk baimendutako langileek eskatuz gero.

Bidaiariek garraio titulu egokiarekin bidaiatu behar dute derrigorrez. Titulu hori bidaiaren ezaugarrien eta dagokion baimenean jasotzen diren erabilera baldintzen araberakoa izango da, eta norberak daukan titulua ez da, inondik inora ere, desegoki erabiliko. Bidaia titulu batek txartel edo agiri bat elkarturik eramanez gero, gidariari txartel edo agiri hori erakutsi beharko zaio tiketa balidatzeko makinan sartzerakoan.

Garraio aldaketa: desplazamendu bakar bat egiteko Kbusen bi zerbitzu erabiltzean datza. Garraio aldaketa dohainik izango da “Creditrans”, “Hirukotrans”, “Gizatrans” edo tiket arrunta erabiliz gero, baldin eta linea desberdineko bi zerbitzuren artean eta 60 minutuan edo denbora gutxiagoan egiten bada.

6 urtetik beherakoek ez dute tiketa ordaindu beharrik izango. Haur horiek, beraz, beraiekin doazen arduradunen garraio tituluaren aseguruak babestuko ditu. Haurrok arduradunaren altzoan eserita joan beharko dira, biek jarleku bakarra okupatzen dutela.

Doan bidaiatuko dute itsuaren laguntzaileak eta edozein ibilgailu motatan mugitzen den mugikortasun urriko pertsonak.

Zerbitzua ematea
Zerbitzua ematea

Garraio titulu bat daukaten pertsonek eskubidea izango dute ibilgailu egokietan garraiatuak izateko, hau da, ibilgailuek bermatu beharko dute prestazioa segurtasun, higiene, erosotasun eta, hala badagokio, behar bezalako irisgarritasun baldintzetan emango dela eta zerbitzua erregularra eta puntuala izango dela, era honetako garraioari dagozkion nahitaezko aseguruen babesarekin.

Barakaldo Bus UTEk ez du bere gain hartuko laguntzaile batekin edo legezko tutorearekin bidaiatzen duten adin txikikoen edo mendeko pertsonen erantzukizunik, izan ere, erantzukizuna laguntzailearena izango da.

Garraio tituludunek, gainera, eskubidea izango dute enpresako langileengandik tratu zuzena jasotzeko, izan ere, langileek erantzun egin beharko diete erabiltzaileek zerbitzuarekin lotutako gaien inguruan eskatutako laguntzari eta informazio eskariei.

Bidaiariek eskubidea izango dute, hala badagokio, Udalak onartutako ordenantza fiskaletan prezioen eta baldintzen arabera jasotzen diren garraio titulu desberdinen artean aukeratzeko.

Garraio zerbitzuak, berez, administrazio eskudunak iragarri eta baimendutako proposamenaren arabera emango dira. Garraiatua izateko eskubidea, beraz, aukeratutako zerbitzuan jarleku libreak egoteak edo ez egoteak baldintzatuko du.

Geltoki baten kokalekua aldatuz gero, geltoki horretan edo eragindako geltokietan eta zerbitzuaren webgunean (www.kbus.eus) gutxienez astebete lehenago jakinaraziko zaio jendeari.

Irteera-geltokian aurretiaz agertzea gomendatzen da; gainera, geltoki berean beste autobus linea batzuk ere elkartuz gero, erabiltzaileek eskua jaso beharko dute ibilgailua gidatzen dabilen pertsonari gure zerbitzua erabiltzeko asmo agerikoa adierazteko.

Zerbitzua ematean, bidaiariek Barakaldo Bus UTEko langileen argibideei jarraitu beharko diete zerbitzuarekin eta zerbitzuaren intzidentziekin lotutako gaietan. Era berean, bidaiariek autobus barruko eta kanpoko seinaleak kontuan hartu beharko dituzte, bertan adierazten diren arauak nahiz debekuak -erabiltzailearen araudia barne- betetzeko.

Bidaian zehar, erabat debekatuta daude bidaiariak gogaitarazi ditzaketen portaerak, ibilgailuaren altzarietan pintadak egitea eta autobus barruan instalatutako edozein segurtasun elementu lapurtzea. Debekatuta dago, halaber, ibilgailu barruan jatea, erretzea, droga toxikoak eta edari alkoholdunak kontsumitzea, baita soinua erreproduzitzeko aparatuak gainerako erabiltzaileentzat gogaikarri izan daitekeen bolumenean entzutea ere.

Era berean, debekatuta dago eskuorriak eta edozein motatako propaganda nahiz publizitatea banatzea; gainera, ezin izango dira ez manipulatu ez behartu ibilgailuetako ateak zabaldu eta ixteko mekanismoak, ezta larrialdi kasuetarako ibilgailuan jarrita dauden segurtasun edo sorospen mekanismoak ere.

Bidaiariek ez diote gidariari arreta galaraziko, ezta gidariaren lana arrazoi justifikaturik gabe oztopatuko ere. Ibilgailua martxan dagoen bitartean, gidariarekin berba ez egiten saiatuko dira. Gainera, ez dute egingo gainerako erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskuan jar dezakeen ezer, ezta erabiltzaileentzat edo enpresako langileentzat gogaikarri edo iraingarritzat jo daitekeen ezer ere.

Debekatuta dago ibilgailuetan erretzea, bai eta ibilgailuak eta geltokiak hondatu edo zikindu ditzakeen ezer egitea ere. Halaber, debekatuta dago ibilgailu barrutik gauzak jaurti eta bide publikoa hondatu eta zikintzea, edo beste pertsona batzuei lesioak eragitea.

Autobusera sartzeko, horretarako dagoen atea erabili beharko da; dena den, mugikortasun urriko pertsonek gertuen daukaten eta beraientzat egokiena den atea erabili ahalko dute bai sartzeko bai jaisteko.

Gurpil-aulkiek eta haur-autoak lehentasuna izango dute bizikleten aurrean.

Guztiz debekatuta dago geltokietatik aparte ibilgailua utzi edo bertan sartzea, eta gauza bera ibilgailua mugitzen ari dela ere, tartean arrazoi justifikatu bat ez badago behintzat.

Autobusa matxuratu dela-eta zerbitzua eteten bada, enpresak jarritako beste autobus bat erabili ahalko dute bidaiariek, garraio titulu berberarekin eta betiere Barakaldo Bus UTEko langileen argibideei jarraituz. Bestela, zerbitzua eteten bada, bidaiariek bidaiaren zenbatekoa bueltan jaso ahal izango dute.

Barakaldo Bus UTEk konpromisoa hartzen du matxuratutako ibilgailuaren ordezkoa lehenbailehen jartzeko, bidaia jarraitu eta bidaiari guztiak ahalik eta atzerapen txikienarekin eramateko. Trafikoa kolapsatu egiten bada, meteorologia baldintzak txarrak badira edo tartean gure enpresarekin zerikusirik ez duten ezinbesteko arrazoiak badaude, zerbitzuak atzeratu, bertan behera utzi edo ibilbidez aldatu ahalko dira.

Barakaldo Bus UTEko langileek ahalmen hauek edukiko dituzte: aginduak betetzen ez dituzten bidaiariak ibilgailuetatik jaitsarazi ahal izango dituzte, eta, oro har, autobusetik jaitsarazi ahalko dituzte neurrigabe jokatzen duten bidaiariak, keinuen eta jokabideen bidez gainerako bidaiari eta enpresako langileenganako begirunea mintzen dutenak, ordena nahasten dutenak eta mozkortuta edo drogen efektuen menpe daudenak; gainera, bidaiariei sartzea galarazi ahalko diete, edo ibilgailuetatik jaisteko agindu, jarleku guztiak beteta daudela adierazi ondoren.

Gidariak txakurren eta katuen sarrera mugatu ahal izango du jende asko pilatzen den uneetan (jaiak, kirol-ekitaldiak, etab.).

Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen XII. kapituluan jasotzen diren zehaztapenak beren osotasunean aplikatuko dira.

Gure langileek zure bidaia atsegin egiteko lanean dihardute. Bidean zehar anomaliaren bat dagoela ikusten baduzu, itxoin hurrengo geltokira iritsi arte eta, mesedez, jakinarazi ibilgailua gidatzen dabilenari, gidariak, ahal badu behintzat, anomalia hori berehala konpon dezan, edo lehenbailehen konpontzeko behar diren neurri egokiak har ditzagun. Bestalde, jakinarazi gidatzen dabilen langileari, lehenbailehen eta huts egin barik, bidaian izan dituzun kalte pertsonal edo materialak.